Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako "20.000 especies de abejas" (2023) filmak inauguratuko du apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatua.
Zinemaldia apirilaren 21etik 28ra bitartean garatuko da Victoria Eugenia Antzokian -lehiaketaren egoitza nagusian- eta Antzoki Zaharrean, baita hiriko beste agertoki batzuetan ere.
Cocó, zortzi urtekoa, ez da moldatzen besteek berarengandik espero dutenaren aurrean, eta ez du ulertzen zergatik. Bere inguruko guztiek Aitor deitzen diote behin eta berriz, baina ez du bere burua izen horretan ezagutzen. Amak, Anek, oporrak aprobetxatuko ditu hiru seme-alabekin bere amaren etxera joateko. Bertan bizi dira Lita ama eta Lourdes izeba, erleen hazkuntzan murgildua. Beren bizitzak aldatuko dituen uda horrek beren zalantzei eta beldurrei aurre egitera behartuko ditu hiru belaunaldi oso desberdinetako emakume horiek.
Pelikula hau, Gariza Films (Bilbo) eta Inicia Films (Bartzelona) etxeek ekoiztua Sirimiri Filmsekin (Araba/Gipuzkoa) batera eta joan den Berlingo Zinemaldian estreinatua, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako fikziozko lehen film luzea da, "Adri" (2012), "Nor nori nork" (2018), "Polvo somos" (2020) eta "Cuerdas" (2022) film laburren eta "Voces de papel" (2016) dokumental luzearen ondoren.
Bertan, hauek dira protagonistak: Sofía Otero (Berlingo aktore onenaren Zilarrezko Hartza), Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cózar, Unax Hayden, Andere Garabieta eta Miguel Garcés.
"20.000 especies de abejas" filma Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da estatuan, eta Bartzelonako Festival Internacional de Cinema d'Autor zinemaldiari emango dio amaiera.
BTEAM Pictures banatzaile duen film hau apirilaren 21ean bertan estreinatuko da komertzialki. Donostiako aretoetan SADE taldeak estreinatuko du.
Programazioaren aurrerapena
Urtero bezala, zinemaldia hainbat gai eta istoriotara hurbilduko da, besteak beste: Irango fundamentalismo islamistaren aurkako erresistentzia, Ukrainako gerra, harkien historia -Aljeriako Gerran armada frantsesaren bandoan borrokatu zuten soldadu aljeriarrena-, XX. mendeko migrazioak, Mendebaldeko Sahararen gaurkotasuna eta Errumaniako gazteriaren egoera Ceaucescuren garaian.
19:00 / 19:30eko proiekzioen ondoren egingo diren solasaldietan gaurko hainbat gairen inguruan sakonduko da, filmetako ordezkarien eta giza eskubideen arloan lan egiten duten pertsona, aktibista eta erakundeen parte hartzearekin.
Aurten, Zinemaldiaren Saria Carmen Castillo idazle eta zinemagile txiletarrari emango zaio, eta haren filmik ezagunena, Calle Santa Fe (2007), saio berezi batean proiektatuko da. Dagoeneko zabalik dagoen erakusketa bat eskaintzen zaio Okendo Kultur Etxean.