Uniemakume

Gipuzkoako emakumeen jarduera fisikoa aztergai (II)

Soilik emakumeentzako diren ekintzak eskaintzeko beharra
Jarduera fisikoa egiteko arrazoi eta oztopo nagusiak norbere buruari lotutakoak badira ere (motibazio pertsonalak, osasun-egoera, faktore sozioekonomikoak…), ikerketak azaleratu du faktore sozialek ere garrantzia dutela. Izan ere, parte-hartzaileek adierazi dute talde bateko kide sentitzeak eta gustuko jendearekin jarduera fisikoa egiteak motibatu egiten dituela. Eta, kasu askotan, espresuki emakumeekin egiteak animatzen dituela azaldu du Eizagirrek: “Parte-hartzaileek adierazi dute gizonen aldetik gutxiespenak jaso izan dituztela eta horrek jarduera fisikoa eta kirola ekintza deserosotzat hartzea ekarri duela. Beraz, baliagarria izan daiteke emakumeentzako espazio seguruak sortzea. Esaterako, soilik emakumeentzako diren ekintzak eskaintzea; besteen begiradarik eta epaiketarik gabekoak”.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa honek balio izan du generoak jarduera fisikoan ere eragina baduela erakusteko, eta egileek diote bizimodu aktiboago bat sustatzeko politikak ezinbestean genero ikuspegiarekin egin behar direla. “Emakumeen taldea oso heterogeneoa da. Askotariko beharrak dituzte, eta ezin ditugu guztiak multzo berean sartu eta erantzun bakarra eman; adinaren eta tokiaren araberako politikak behar dira”, adierazi du Eizagirrek.

Informazio osagarria
Olaia Eizagirre Sagastibeltza doktoregaia da. Gipuzkoako emakumeek aisialdian jarduera fisikoa egiteko dituzten ohituren, motibazioen eta oztopoen inguruko tesia lantzen ari da UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. GIKAFIT ikerketa-taldeko kide diren Uxue Fernandez Lasa eta Oidui Usabiaga Arruabarrena dira bere zuzendariak. Gipuzkoako emakume gazteen inguruko azterketan Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko eta Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko lankideek  parte hartu dute.