Uniozio

Fantasia eta beldurraren astea Donostian (III)

  • Project Wolf Hunting (2022). Kim Hongsun. Hego Korea. Koreako 19 preso daramatzan kargaontzi bat Manilako portutik abiatu da Busanera. Hegazkinez aurretik huts egindako estradizio operazio baten ondoren -aireportuan bonba batek egin zuen eztanda- agintariek erabaki dute orain presoak itsasontzi batean itzuliko dituztela euren herrialdera. Hiru eguneko ibilbidea izango da. Bertan Koreako kriminal arriskutsuenetako batzuk bidaiatzen dute, esperientzia handiko 23 poliziak zainduta, Suk-woo kapitaina buru dutela. Dena lasaitasunez doa lehen orduetan, baina… Koreako ekintza-zinemarik onenaren lagin dardartsu eta basatia.
  • Shin Ultraman (2022). Shinji Higuchi. Japonia. Shinji Higuchi eta Hideaki Anno (produktore eta gidoilari) beteranoek, Shin Godzillaren (2016) zuzendariek, eraman dute pantaila handira Ultraman pertsonaia mitikoa, 1966an hasi zituena bere ibilerak telebistan. Japonian S Klasea (Kaiju) izenez ezagutzen diren munstro erraldoien etengabeko (eta inoiz azaldutako) agerpenak, agintariek horiei aurre egiteko unitate berezi bat sortzea eragin du. Kaiju horietako baten erasoaldi berrian, inoiz ikusi gabeko zilar koloreko erraldoi bat agertzen da zeruan. Eliteko taldeko analista batek honako hau idatzi du txostenean: “Ultraman (behin-behineko izena), identitate ezezaguna”.
  • Vesper (2022). Kristina Buozyté, Bruno Samper. Lituania-Frantzia-Belgika. Lurreko ekosistemaren kolapsoaren ondoren, 13 urteko Vesper gaixorik dagoen aita zaintzen ari da, eta ahal duen moduan dirau bizirik lur etsai eta arriskutsu batean. Egun batean Camellia gazte eta misteriotsuarekin topo egiten du, aireko istripu bat izan ondoren desorientatua dabilena, eta bera izango da aurreneko aldiz bere bizitzan agertuko zaion aukera etorkizun hobeago bat izateko. Camelliak, aireontzian berarekin zihoan bidaidea aurkitzen laguntzearen truke, Gotorlekura eramango duela hitzematen dio Vesperri. Bertan, eroso bizi dira gizarteko goi mailako klaseak.
  • Viejos (2022). Raúl Cerezo, Fernando González Gómez. Espainia. Manuel bere seme Marioren eta haren familiaren etxera joan beharrean izango da bizitzera, gertaera izugarri batek emaztea hil ondoren. Gutxika, errealitatea inposatzen da: zerbait ulertezina gertatzen da Manuelekin. Entzuten omen dituen ahotsak, hizketan aritzen omen den presentziak. Lenak, Marioren emazteak, etxetik bota nahi du: ziur dago zerbait ikaragarria gerta daitekeela. Naia, alaba nerabea, da bere alde dagoen bakarra, baina bera ere hasten da dudatan fenomeno arraroak aitonaren inguruan gertatu ahala; gero eta eroago ikusten du hura. Historian izan den udaldirik beroena da, atzerako kontaketa hasi da, eta beranduegi da geldiarazteko. Raúl Cerezo eta Fernando González Gómez Astera itzuli dira, iazko La pasajera (2021) filmaren proiekzioaren ondoren.
  • Wolfkin / Kommunioun (2022). Jacques Molitor. Luxenburgo. Elaine, ama ezkongabea, kezkaz ari da ikusten nola hasi den bere seme Martin modu arraro batean jokatzen nerabezarora hurbiltzean. Bere ikaskide bati hozka egiten dionean, Elainek, erantzun baten bila, aitaren aldeko aitona-amonen etxera joatea erabakitzen du, inoiz ez baitute haurra ikusi, eta haren berri ere ez baitakite. Haien etxe handian dela, familiaren benetako izaera ezagutuko du, baita bere semearena ere. Egoera hori onartu edo Martinen etorkizuna aldatzen saiatzeko borroka egin erabaki beharko du.
Informazio gehiago:
sansebastianhorrorfestival.eus