Bortxa matxistari aurre egiteko lege berria
Bestetik, ez zuen erabateko babesik jaso, baina adostasun zabalarekin egin zuen aurrera joan den martxoan. 2005etik indarrean izan den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea egokitu eta berritu egin du Eusko Legebiltzarrak, aurkako boto bakar batekin. Voxek baino ez zuen egin arauaren kontra; alde bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta abstenitu egin ziren EH Bidu eta PP+C's taldeak. Arauaren berritasun nagusia da indarkeria matxistari aurre egiteko tresna, baliabide eta politikak indartuko dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, besteak beste, biktimen babes neurriak zabaldu eta bortxa matxistaren ondorioak pairatzen dituzten haurren, nerabeen eta menpeko pertsonen arreta hobetuko dela. Hain justu ere, legeari jarri dioten izenburu berriak ongi laburbiltzen du zein izango den arauaren helbururik behinena: Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legea.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "egun historikotzat" jo zuen martxoaren 3koa, EAEko Berdintasun Lege berria onetsita berdintasunerantz eta emakumearen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz "urrats sendoa" egingo delako. Gogoratu zuen 2005eko legeak "mugarri" bat ezarri zuela bide horretan, eta ziurtatu arau berriak orduan hasitako bidea sendotu egingo duela. Legean jasota dago Istanbulgo hitzarmena, eta, hala, lotura argia egiten da emakumeen aurkako indarkeriaren eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren artean. Hori nabarmentzeko aldatu zuten 2005eko legea, eta ideia horretan jarri zuen fokua Artolazabalek ere: "Berdintasunaren eremuan egin behar zaio aurre emakumeen kontrako indarkeriari".
"Une historikoa"
Sailburuaren arabera, legearen erreforma "une historiko" batean egin da: osasun krisiaren testuinguruan berdintasunaren aurkako diskurtsoak hauspotu direnean. Eta, haren iritziz, abagune honetan, ezinbestekoa da berdintasunaren aldeko lege tresna sendoak izatea. Xede horri lotuta lege berriak jasotzen dituen hainbat neurri gogoratu zituen Artolazabalek. Besteak beste, aipatu zuen "ikuspegi intersekzionala" bermatuko duela, indarkeriaren biktima izan diren emakumeen erreparazioa bultzatuko duela, prebentzioan eta indarkeriaren "detekzio goiztiarrean" sakonduko duela, eta indarkeriaren biktimen babesa indartuko duela. "Helburua herritarren bizitza hobetzea da, baita etorriko diren belaunaldi berriena ere".
Legea ontzeko egin den prozesu parte hartzailea nabarmendu zuen sailburuak, halaber. Emakundek abiatu zuen prozesua duela hiru urte, eta bidean gizarte eragile askoren ekarpenak jaso ditu; 400 baino gehiago. Arauak "ahalik eta adostasunik zabalenarekin" onesteko egindako lana eskertu zuen Artolazabalek. Osoko bilkuran ere ikusi ahal izan zen elkarlan hori: elkarte eta erakunde feministetako zenbait ordezkarik bertatik bertara jarraitu zuten eztabaida eta txalo zaparrada batekin ospatu zuten legea onestea.