Unibertsitatea

Eraikin berria Deustuan, zerbitzu gehiagorekin (II)

Errektoreak Fernando Prado Donostiako gotzainari Autógrafo de los Ejercicios espirituales de San Ignacio de Loyola liburua oparitu zion, orain dela gutxi argitaratua, luxuzko koadernaketan; eta Eneko Goia alkateari, En Camino con Ignacio, Aita Arturo Sosa SJ, Jesusen Lagundiko Jeneralaren gogoetak biltzen dituena.

Antxieta eraikin osoak 3.017 m2-ko azalera erabilgarria du, 3 solairutan banatuta (sotoa, beheko solairua eta lehen solairua).

Proiektua Iker Arana arkitektoak idatzi du eta exekuzio lanen zuzendaritza Juan Luis Martín eta Fernando García arkitekto teknikoek hartu dute. Esku hartzea 2 fasetan egin da.

  • 1. faseak (2021eko abuztutik 2022ko otsailera), 1.064,21 m2 erabilgarriren gainekoak, jesuiten komunitatea izan zena birgaitzea izan zuen helburu. Fase horretan, eraikinaren sarrera nagusiko atondoa eta sotoaren zati bat ere berritu ziren. Jesuiten komunitateko logela eta espazio komun zaharrak eraitsi eta haietan Osasun Zientzietako, Hezkuntza eta Kiroleko, Zuzenbideko eta Ingeniaritzako fakultateetako administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan tokiak eraiki ziren. Horiekin batera, beheko solairuan kapera eta Nazioarteko Harremanetako Bulegoa prestatu ziren. Goiko solairuan, aipatutako fakultateetako kideentzako lan tokiak eraiki ziren. Atondo nagusia eta Errektoreordetzako sarrera era berritu ziren, Informazioa campusaren sarrerara mugituta. Sotoko solairuan artxiborako espazioa antolatu zen. Beheko solairuan, guztira 25 lan toki prestatu ziren eta lehen solairuan, beste 76, bilerak eta tutoretzak egiteko tokiez gainera. Lanak Altuna y Uria eraikuntza enpresak egin zituen.
  • 2. faseak (2022ko uztailetik irailera) 186 m2-ko azalera hartu zuen, Nazioarteko Harremanetako Bulegoa eta irakasleen bulegoak campuseko beste toki batzuetara mugitu ondoren, libre gelditu zirenak. Eremu horren banaketa aldatu zen, kristalezko itxiturekin espazio gardenak eraikitzeko, Ingeniaritza Fakultateko irakasleentzat. Eremu horretan bertan kokatuko dira Unibertsitate-Enpresa Ikasgelak, ikasleek kanpoko enpresekin lankidetzan jarduerak garatzeko. Inguru horretan 26 lan toki prestatu ziren, bilerak eta tutoretzak egiteko tokiez gainera. Lanak Construcciones Hugar enpresak egin zituen.
José de Anchieta SJ (San Cristóbal de la Laguna, Tenerife, 1534 - Reritiba, gaur egun Anchieta, Brasil, 1597)

José de Anchieta SJ euskal jatorriko jesuita kanariarra izan zen (aita Urrestillakoa zuen), "Brasilgo apostolua" izenaz ere ezaguna, herrialde hartan egin zuen ebanjelizatze lanagatik. Gaur egungo Sao Paulo eta Rio de Janeiro hirien sortzailea ere izan zen. 

Humanista handia izan zen, inkulturazioaren adibide goiztiarra. Aborigenekin bizi izan zen eta tupi hizkuntza estandarizatzen lagundu zuen, lehen gramatika eta hiztegia idatzita. Esklaboak harrapatu eta saltzeko negozio aberatsaren aurkako ahots profetikoa izanik, irmo defendatu zituen indigenen eta mestizoen eskubideak agintarien eta kolonoen aurrean. Antxieta 2014ko apirilaren 3an kanonizatu zuen Frantzisko aita santuak. Elizak ekainaren 9an ospatzen du bere eguna.