Prestakuntza

Hezkuntza Departamentuak DBHko 2021-2022 Sari Berezien deialdia egin du

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak emateko deialdia egin du, 2021-22 ikasturtean Foru Komunitatean ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat.

Zikloa 8,75eko batez besteko nota batekin bukatu duten ikasleek gaurtik (abuztuaren 26a) 2022ko irailaren 9a arte aurkez dezakete eskaera. Probak Iruñeko Basoko BHIn eginen dira, urriaren 7an, eta gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko dira, ikasleek ikasketak zein hizkuntza eredutan egin dituzten kontuan hartuta.

Parte-hartzaileei eskatzen zaien baldintzetako bat da DBHko 4. mailan “bikain” kalifikazioa lortu izana probaren xede diren irakasgaietan: Gaztelania eta Literatura edo Euskara eta Literatura D ereduan, Atzerriko Lehen Hizkuntzan eta Matematikan.

Probetan lortutako kalifikazioen emaitzaren arabera esleituko dira sariak, eta hiru ariketa izango dituzte: lehena, hizkuntza-gaitasunaren eskuratze-maila neurtzen saiatzen dena, Gaztelania edo Euskara D ereduko ikasleentzat testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa egitean datzana, eta planteatzen diren hizkuntza- edo literatura-edukiko galderen erantzunak.

Bigarren ariketan, matematika-gaitasuna egiaztatzeko, Irakaskuntza Akademikoetara edo Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematikara bideratutako Matematikako gaiak eta/edo ariketa praktikoak ebatzi behar dira, ikasle bakoitzak egindako aukeraren arabera.

Hirugarrenak, Atzerriko Lehen Hizkuntzaren hizkuntza-gaitasunaren eskuratze-maila egiaztatu nahi duenak, kultura-, literatura- edo dibulgazio-testu bati buruzko ulermen- eta adierazpen-lanak izango ditu.

Sarien esleipena

Ebaluazio Epaimahaiak, 2022ko urriaren 25a baino lehen, emaitzen berri emanen du, Nafarroako web gunearen berariazko tramitean on line argitaratuz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia lortzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aitorpen ofiziala jasoko dute eta horren berri jasoko dute beren ikasketa espediente pertsonalean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezi bakoitza 250 eurokoa izanen da.