Uniozio

Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa (I)

Manuel Abramovich, Christophe Honoré, Sebastián Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sangsoo, Ulrich Seidl eta Petr Václav zuzendarien lan berriak lehiatu ziren irailaren 16tik 24ra egin zen Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko Sail Ofizialean. Halaber, Genki Kawamuraren eta Marian Mathiasen lehen lanak ikusi ahal izan ziren lehiaketan.

  • Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987) zinemagile argentinarra bere laugarren film luzearekin lehiatu zen aurten Donostia Zinemaldian. Hala, Pornomelancolía / Pornomelancholia -sex influencer baten erretratua- WIP Latam sailean hautatu zen iaz. Egilearen aurreko hainbat lan jada erakutsi izan dira Zinemaldian, zehazki, Zabaltegi-Tabakaleran. Mikel Gurrearen Suro filmarekin gertatu zen bezalaxe, Ikusmira Berriak egonaldietan parte hartzeari esker eratu ahal izan du egileak film hau, eta horrek esan nahi du aurten lehen aldiz lehiatu zirela, Urrezko Maskorra eskuratzeko, Zinemaldiak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa-Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) kudeatutako programa horretatik ateratako bi film.
  • Christophe Honoré (Carhaix-Plouguer, 1970) zuzendari frantziarra, jada Sail Ofizialean La belle personne / The Beautiful Person (2008) eta Non ma fille, tu n'iras pas danser / Making Plans for Lena (2009) erakutsi zituena, berriro lehiatu zen aita hil ondoren krisian sartuko den nerabe bati buruzko Le Lycéen / Winter Boy filmarekin. Aktoreen artean Paul Kircher, Vincent Lacoste eta Juliette Binoche daude.
  • Genki Kawamurak (Yokohama, 1979), gaur egungo funtsezko hainbat animazio-film japoniarren ekoizleak -hala nola Bakemono no ko / The Boy and the Beast (Mamoru Hosoda, Sail Ofiziala lehiaketan, 2015) edo Kimi no na wa / Your Name (Makoto Shinkai, Sail Ofiziala-Emanaldi bereziak, 2016)-, zuzendari gisa egin du debuta irudi errealeko film batekin; hala, Hyakka / A Hundred Flowers filmaren bidez alhzeimerra duen emakume baten istorioa kontatzen digu egileak.
  • Sebastian Lelio txiletarra (Mendoza, 1974), Perlak sailean Gloria (2013) filmarekin eta Horizontes Latinos sailean Una mujer fantástica / A Fantastic Woman (2017) filmekin parte hartu zuena, Sail Ofizialean estreinatuko da The Wonder lanarekin. XIX. mendearen erdialdean girotuta dago obra, Irlandako herri batean; agidanez, neskato batek hainbat hilabetean ezer jan gabe iraun du bizirik han. Emma Donoghueren izen bereko eleberrian oinarritutako film honetan Florence Pugh, Ciarán Hinds, Tom Burke, Toby Jones, Elaine Cassidy eta Niamh Algar antzezleak nabarmentzen dira.
  • Horizontes Latinos sailean bi aldiz sartu ondoren eta Una especie de familia / A Sort of Family (2017) filmagatik gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ostean, Diego Lerman argentinarra (Buenos Aires, 1976) berriz lehiatu zen Zinemaldian, oraingoan, El suplente / The Substitute filmarekin; Buenos Airesko aldirietako irakasle baten jazoerak biltzen ditu egilearen lan berriak, proiektu-fasean Zinemaldiaren 2019ko edizioko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuenak. Juan Minujín, Bárbara Lennie, Alfredo Castro, María Merlino, Lucas Arrua eta Rita Cortese dira Lermanen filmeko protagonista nagusiak.
  • Marian Mathias (Chicago, 1988) estatubatuar hasiberriak bere lehen film luzea aurkeztu zuen aurtengo edizioan; hala, Runner filmak Estatu batuetako midwesteko bi gaztek elkar topatzen dutenekoa kontatzen digu. Proiektu honekin, zuzendaria Canneseko Cinéfondation, Torino FeatureLab eta Veneziako zinema-jaialdian Production Bridge Program egonaldietan hautatu zuten.
  • Great Yarmouth-Provisional Figures, Britainia Handian filmatua eta girotua, Marco Martinsen (Lisboa, 1972) lan berria dugu eta immigrazioaren drama jorratzen du Tânia pertsonaiaren bitartez. Tânia portugaldarra da jatorriz, eta bere herrialdetik etorritako langileen eta Norfolk eskualdeko lantegien arteko lotura gisa jokatzen du.
  • Laura Mora kolonbiarra (Medellín, 1981), sari ugariren irabazlea -besteak beste, aipamen berezia Kutxabank-New Directors Sarian eta Gazteriaren Saria Matar a Jesús / Killing Jesús (2017) filmarekin- bere bigarren film luzearekin itzuliko da Zinemaldira; zehazki, Los reyes del mundo / The Kings of the World Medellín hiriko bost kale-mutil protagonista dituen ipuin subertsibo eta fantastikoa da.
  • Frelle Petersen (Aabenraa, 1980) zuzendari danimarkarrak, Onkel / Uncl (2019) filma zuzendu eta lan horrekin Tokioko Nazioarteko Zinema-jaialdian Sari Nagusia eskuratu ondoren, Resten af livet / Forever lanarekin lehiatuko da Zinemaldian. Filma familia-erretratu korapilatsu baina baikorra da, non bi senar-emaztek eta haien alabak doluari aurre egin beharko baitiote haien seme nagusia eta horren anaia zaharra hiltzen denean.
  • Hong Sangsoo (Seul, 1960) Top / Walk Up filmarekin lehiatu zen; hala, tarteko adineko zinemagile batek hainbat pertsonarekin topo egiten dueneko istorioa kontatzen digun film honekin bigarrenez hartu zuen parte Hego Koreako zinemagileak Sail Ofizialean, non zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (2016) filmarekin. Geroago, Zabaltegi-Tabakaleran Geu-hu / The Day After (2017) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020, aipamen berezia) erakutsi zituen.