Uniozio

Donostia beldurgarria aste oso batean zehar (I)

Nacho Vigalondok zuzendutako film berriak, Daniela Forever (2024) euskal koprodukzioak, urriaren 25ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Astea urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean garatuko da Principal eta Victoria Eugenia antzokietan eta hiriko beste agertoki batzuetan.
 
Filma Sayaka Producciones-ek ekoiztua da, Wrong Men, Señor y Señora, Mediacrest Entertainment eta XYZ Filmsekin batera, eta joan den irailaren 5ean estreinatu zen Torontoko Zinemaldian. Henry Golding, Beatrice Grannò, Aura Garrido, Rubén Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista.
 
Programazioaren aurrerapena
Jarraian urriaren 25a eta azaroaren 1a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean zenbait film luzeren aurrerapena dator. 
 
  • 1978 (2024). Onetti Anaiak. Argentina.
Argentinaren eta Holandaren arteko Mundu Kopako finalean, diktadura militarraren garaian, torturatzaile talde bat indarrez sartzen da etxe batean, eta gazte talde bat bahitzen du atxilotze zentro klandestino batera eramateko. Galdeketa krudel batekin hasi eta benetako sufrimendu bihurtzen da dena: pertsona talde okerra bahitu dute. Zentroa infernu gorria da Onetti anaien -Francesca (2015), Los olvidados (2017), Abrakadabra (2018)- azken film honetan.
 
  • Bodegón con fantasmas (2024). Enrique Buleo. Espainia.
Mantxako herri txiki bateko mamuek eta gizakiek, bizitzaren eta heriotzaren atsekabe eta estualdiek larrituta, ikaragarrizko ahaleginak egiten dituzte beren arazoei azkena emateko, eta helburu hori lortzeko ez dute ez zalantzarik izango muturreko eta etsipenezko planak gauzatzeko.
 
  • Else (2024). Thibault Emin. Frantzia-Belgika.
Anx barnerakoia bere ohean Cass bizizalea ondoan duela esnatzen da gau batean. Nahiz eta hasiera batean ez dirudien oso antzekoak direnik, zerbait loratzen hasi da. Dena den, bere harreman hasiberria arriskuan dago birus misteriotsu bat planetan zehar zabaltzen denean. Birusak infektatutako pertsonak ukitzen duten guztiarekin fusionatzea eragiten du.
 
  • House of Sayuri (2024). Koji Shiraishi. Japonia.
Urteetan sakrifizio handiak egin ondoren, Kamiki familiak azkenean lortuko du landetxe bat erosteko ametsa betetzea. Itxaropenez eta ilusioz beterik lekualdatzen dira... harik eta han aspaldi eraildako nerabe baten mamu mendekatzailearekin bizi behar dutela jakiten duten arte. Umorez betetako buelta berri bat deabruak hartutako etxearen azpigenerora, besteak beste Cult (2013), Sadako vs. Kayako (2016) eta Welcome to the Occult Woods (2022) filmen zuzendariaren eskutik.
 
  • Krazy House (2024). Steffen Haars, Flip van der Kuil. Herbehereak.
90eko hamarkadan girotutako komedia beltza, Bernie (Nick Frost) jainkozale porrokatua eta bere sitcom familia protagonista dituena. Bere etxean erreforma batzuk egiteko kontratatu dituen langile errusiarrak kriminal arriskutsuak dira, lapurreta batean harrapatutakoa urte batzuk bertako hormetan ezkutatu eta berreskuratu nahian etorriak. Bernie, bere familia salbatzeko, ahaldundu egin beharrean izango da eta arma guztiekin haiei aurre egin beharko die.