Deustuk ikasturte berria ofizialki ireki zuen (I)

Irailaren 21ean, Deustuk 2022-2023 ikasturteari hasiera ofiziala eman zion. Unibertsitateak lehenengo mailan 2.467 ikasle berri ditu matrikulatuta, errekorra, iaz baino % 20,5 gehiago, 2.047 ikasle berri matrikulatu baitziren orduan; eta duela hiru urte baino % 39,3 gehiago, lehenengo mailan 1.771 ikasle berrik hasi baitzituzten ikasketak. Kopuru horiei nazioarteko ikasleena gehitu behar zaie. Pandemiaren aurreko zifrak gainditu dituzte (600 baino gehiago), eta aurten mila gazte izatera iritsiko dira (orain arte ikusi gabeko datuak).

Ikasle berrien gehikuntza hori Unibertsitateak azken urteotan herrialdeko talentuaren prestakuntza-beharrei erantzuteko egin duen ahalegin handiari eman zaion lehen erantzuna da. Eginahal horien artean daude, besteak beste, gradu berriak ezartzea, tituluak edo Fakultateak berritzea, gizartearen erronka handiei modu egokienean erantzun nahian. Apustu horiekin, Deustu berrikuntzara zabalik dagoen erakunde gisa sendotu da.

GJHak betetzea

Ikasturtearen hasiera ekitaldia Paraninfoan izan zen, Joseba Segura Bilboko Elizbarrutiko gotzaina buru izan zuen eukaristia baten ostean. Stella Solernou idazkari nagusiak 2021-2022 ikasturteko txosten akademikoaren irakurketarekin eman zion hasiera ekitaldiari. Ondoren, “Garapen Jasangarrirako Helburuak: belaunaldi barruko eta belaunaldi arteko kontratu sozial berri baterantz” izeneko irekiera-hitzaldia eskaini zuen Felipe Gómez Isa Zuzenbide Fakultateko katedradunak.

Klase magistralean, Gómez Isa irakasleak gogoratu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko irailean aldarrikatu zituen Garapen Jasangarrirako 17 helburu estrategikoak 2030 Agendaren parte direla, hala 2000. urtean onartu ziren Milurteko Garapen Helburuetan aurrera egiten jarraitzeko.

GJH horiek nazioarteko komunitatearen bide-orria izan nahi dute hazkunde ekonomikoaren, justizia sozialaren eta ingurumenaren babesaren arteko oreka lortzeko, pobrezia, desberdintasunak eta degradazio ekologikoa milioika pertsonarentzat eguneroko errealitate izaten jarraitzen duten munduan. Hala ere, Covid-19 pandemia, klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak eta Ukrainako azken gerrak oztopo handia jartzen ari dira GJHak lortzeko.

Zentzu horretan, gobernuak, enpresak, unibertsitateak edo gizarte zibileko erakundeak bezalako eragileek egin ditzaketen ekintzen araberakoa izango dela dio GJHak betetzea. Eta, horren harira, uste du premiazkoa dela justizia sozial globalean eta belaunaldien arteko ekitatean oinarritutako kontratu sozial berri bat egitea.