Unibertsitatea

Deustok ongietorria eman zion ikasturte berriari (I)

Deustuko Unibertsitateak irailaren 25ean inauguratu zuen 2024-2025 ikasturtea Donostiako campusean. Graduko 1. mailako 2.500 ikasle berri inguru gehiago zituen eta 6.000 eskaera jaso zituen. Ikasturtearen hasiera-ekitaldia Donostiako Elizbarrutiko gotzain Fernando Prado Ayuso buru izan zuen eukaristia baten ondoren hasi zen. Cristina Iturrioz-Landart Deusto Business Schooleko katedradunak eman zuen irekiera-hitzaldia: “Errotzea: pertsonen, enpresaren eta lurraldearen arteko sinergien palanka”. Haren hitzetan, lurraldean errotuta egotearen oinarrian eragileek lurraldearekin era dinamikoan sortzen dituzten loturak daude.

Landarten esanetan, ikuspegi ekonomikotik, “lurraldearekin errotzea interes handiko fenomenoa da, eragileen portaeran eragin handia duen indarra baita eta, ildo horretatik, eskualdeen garapena ulertzen laguntzen baitigu”. “Lectio brevis” horretan, irakasleak lurraldea-enpresa-lurraldea dinamika zirkularraz hitz egin zuen, dinamika horrek lurralde bereiziak osatzeko sinergien palanka bihurtzen baitu errotzea, “lurralde horiek enpresa eta gizarte garapenerako eremu emankor bihurtu ala ez”. 

Zerbitzua, bikaintasuna eta kontuak ematea
Ekitaldia 2023-24 ikasturtearen memoria akademikoaren irakurketarekin hasi zen, Stella Solernou Idazkari Nagusiaren eskutik. Txosten horrek iazko jarduera nagusiak laburbiltzen zituen eta, Juan José Etxeberria errektorearen arabera, gure “zerbitzurako bokazioa” eta “aldaketarako prestasuna” islatzen ditu, “eta espero dugu ikasturte berri honetan ere hori dena biltzen eta bultzatzen jarraitzea”. Ondoren, funtsezko galdera bat planteatu zuen: Hori guztia, zertarako? Zer nahi dugu? Horri buruz adierazi zuenez, “misio batek zuzentzen du gure jarduera eta misio horrek hiru dimentsio ditu ezinbesteko gauzatuko bada: gure gizartearentzako zerbitzua, errotzea, eta bikaintasunarekiko eta kontuak ematearekiko konpromiso sendoa”.

“Zerbitzuari” dagokionez, errektoreak berretsi zuen Deustok, irabazi-asmorik gabeko erakundea den aldetik, gizarteari zerbitzu ematea beste helbururik ez duela. “Gure erakundearen ezaugarri horrek eskakizun-maila goratzen digu beste erakunde batzuen aldean: gure prestakuntzako eskaintzak epe ertainera eusteko modukoa izan behar du, [...] eta gure jarduera guztiak gizartea hobetzen laguntzea nahi dugu”. Azken urteotan, gizartearentzako zerbitzu hori “inpaktu sozialean” biltzen da: kontzeptu horrek laburbiltzen du unibertsitateak ongizateari eta garapen inklusibo eta jasangarriari egiten dien ekarpena.

Ildo horretan, adierazi zuen datuek erakusten dutela Deustuko Unibertsitateak ekarpen garrantzitsua egiten diela Euskadiko goi-mailako hezkuntzari, enplegagarritasunari (graduatuen % 99 ikasketak amaitu eta hiru urtera lanean ari dira), eta enpresek eta erakundeek aitortzen dutela prestakuntza ona ematen duela eta balio handia ematen dietela beren proiektuei. Gainera, Deustok dozenaka enpresa-proiekturi laguntzen die eta aurten, Donostiako campus honetan, Innogune inkubagailuak 100. proiektua ospatu du. Halaber, Deustok GJHetan duen eragina aztertu da, eta Hizkuntza Politikarako Plan Gidari berriak Unibertsitateak kultura- eta hizkuntza-alderdietan egiten duen ekarpena aztertu du.