Beste Berriak

Desgaitasun intelektuala duten pertsonak ikastetxeetan laneratzeko bultzada (I)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Azpeitiko Iraurgi eskolan izan zen urriaren 10ean. Desgaitasun intelektuala duen pertsona bati lehen lan-kontratua egin diote bertan. Eli Aguiriano azpeitiarrak lan kontratu bat lortu du bere herriko eskolan, Atzegi desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko elkarte gipuzkoarraren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko hitzarmenari esker.

Ikastetxeko zuzendari Jon Arruti eta Atzegiko ordezkariek, Josean Idoeta presidentea buru dela, pozik hartu dute Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektore sozialeko erakunde horren arteko lankidetza fruituak ematen hasi izana. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak langile berria zoriondu zuen "guztiontzako berezia den egun honetan; lehenik eta behin Elirentzat, urte berria iristearekin batera bere lan-aroa ilusioz hasiko duelako eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzarentzat eta Atzegirentzat, desgaitasun intelektuala duten pertsonek gure gizartean parte hartzeko eta integratzeko aukera izateko apustua egin dugulako". Bildarratzek azpimarratu zuen aukera horrek bere biziproiektua garatzeko gaitasuna ere badakarrela, eta desgaitasuna duten pertsonek egunero gainditzeko aukera dutela gizarteari zer ekarpen egin diezaioketen ikustean.

Eli Aguirianok hainbat laguntza-lan egiten ditu; lehen orduan ateak irekitzen ditu eta harreran egoten da beharrezko lanak eginez; hala nola enkoadratzea, telefonoa erantzutea edo mandatuak kudeatzea. Ondoren, haurren gelan garatzen diren dinamiketan parte hartzen du, laguntzaile gisa. Eguerdian harrerako lanak egiten ditu berriro.

Lehen lan-kontratu hau Hezkuntza Sailak eta Atzegik joan den urrian sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan kokatzen da. Akordioaren helburua da desgaitasun intelektuala duten 30 pertsonari lana eskaintzea Euskadiko ikastetxeetan (publikoetan zein itunpekoetan) datozen hiru urteetan. Horrela, ikastetxeak ezgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko leku bihurtuko dira, lan-munduan integratuz.