Unibertsitatea

Campus Iberusen ikasturte berria irekita (II)

NUP, Nafarroaren aurrerabidearen motorra

María Chivite Nafarroako lehendakariak, berriz, NUPek Nafarroaren aurrerabiderako duen garrantzia azpimarratu zuen bere hitzaldian; unibertsitateak irakaskuntzan eta ikerketan egiten duen lanaren errepasoa egin zuen, eta bizikidetza, espiritu kritikoa eta berdintasuna sustatzen betetzen duen papera azpimarratu zuen. 

Azpiegituren arloan, lehendakariak Campus Jasangarria proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen -Arrosadian eguzki plakak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak instalatzea ahalbidetuko du-, eta hizpide izan zuen Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultate berriaren eraikuntza ere. 

Bestalde, María Chivitek "Ekitate bekak" programa abian jarriko duela iragarri zuen, ingurune prekarizatuetatik datozen ikasleei laguntzeko, eta aurrekontu publikoen bidez zientzia eta berrikuntza babesteko beharra azpimarratu zuen, Foru Gobernuak bultzatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren harira.

Foru Komunitateko lehendakariaren hitzek hasiera ofiziala eman zioten Campus Iberusen 2022-2023 ikasturteari.

Segizio akademikoa eta Campus Iberusen memoriari errepasoa

Ekitaldia 10:00etan hasi zen, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Hasteko, segizio akademikoaren desfilea izan zen, aurretik Miguel Ángel Campo Bescós banderaduna zihoala (NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea). Togadun irakasleen taldea ikasgelara sartu zen Zura Quartet harizko laukoteak “Erresumako Gortearen Sartzerako martxa” XVIII. mendeko pieza anonimoa interpretatzen zuen bitartean -Daniel Sádaba Bermejok, Mario Oroz Arraizak, María Fernández Molinak eta Paula Azcona Cerdánek osatutako laukotea-. Campus Iberusen memoriaren laburpen bideoan, aliantza estrategiko horren azken urteko alderdi garrantzitsuenak errepasatu ziren, hala nola Iberus Talent edo Iberus Experience programen bidez ikertzaileak nazioartekotzearen alde egindako apustua, Iberus Connect programak ahalbidetzen duen lankidetza eta Europako lankidetza-proiektuen baterako ikerketa. Halaber, aliantza estrategikoak Latinoamerikan duen presentzia azpimarratu zen, zeinak Kolonbian baitu bulego iraunkorra. 

Era berean, baterako prestakuntzaren arloko ekintzak nabarmendu ziren, eta bereziki lau unibertsitateek dituzten hiru master komunak edo haien doktoretza-jardunaldiak, urtero egiten direnak. Campus Iberusen, bideoan adierazi den bezala, dibulgazioak ere badu bere lekua, eta horren adibide dugu “Tesiak 3 minutuan” lehiaketa, eta ekintzailetzak ere bai, “Exolum Emprende” sariei esker.

Gainera, ikus-entzunezko bideoan bereziki azpimarratu zen eskualdeko gobernuek aliantza estrategikoaren alde egindako apustua, zeina joan den ikasturtean sinatutako lankidetza-hitzarmenean gorpuztu baita. Datozen urteetarako, unibertsitateen bikaintasuneko, berrikuntzako eta lehiakortasuneko ereduan erreferente izaten jarraitzearen aldeko apustua egiten du Campus Iberusek, eta, horretarako, ezinbesteko du erakunde publiko eta pribatuekin lan egitea.