Unibertsitatea

Campus Iberusen ikasturte berria irekita (I)

300 lagun inguruk parte hartu zuten irailaren 30ean Campus Iberusen 2022-2023 ikasturtearen hasiera-ekitaldian, Iruñean. Campus Iberus Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa da, eta Errioxako, Lleidako eta Zaragozako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) osatzen dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean egin zen ekitaldia. Ekitaldi instituzionalean, Ramón Gonzalo partzuergo horretako presidente eta NUPeko errektoreak Campus Iberusek dakarren unibertsitateen arteko aliantza estrategikoaren eredua azpimarratu zuen. Hasierako ikasgaia Pablo Rodríguez Rodríguezek (Langreo, Asturias, 1972) gidatu zuen. NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzako tituluduna da, eta teknologian aditua. 2016an Nafarroako Unibertsitate Publikoko I. alumni nabarmen gisa aitortu zuten.

Ramón Gonzalez bera eta beste hiru unibertsitateetako errektoreak -Juan Carlos Ayala Calvo Campus Iberuseko presidenteordea (Errioxa); Jaume Puy Llorens (Lleida), eta José Antonio Mayoral Murillo (Zaragoza)- izan ziren ekitaldiaren buru, María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariarekin batera. Ekitaldian hauek izan zituzten aldamenean: Foru Komunitateko gobernu organoetako agintari eta ordezkariak (Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua, Iruñeko Udala, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia eta Kontuen Ganbera, besteak beste), Iberus Campuseko partzuergoko lau unibertsitateetako ordezkariak eta beste unibertsitate batzuetakoak (Nafarroako Unibertsitatea, UHUN eta EHU). Era berean, Errioxako eta Aragoiko gobernu autonomikoetako ordezkariak ere bertan izan ziren, unibertsitateen arloan eskumenak dituztenak.

Ekitaldia ordena honen arabera egin zen: lehenik eta behin, segizio akademikoa sartu zen, eta ondoren Chivite lehendakariak hasiera eman zion zeremoniari. Ondoren, Juan Carlos Ayala Campus Iberuseko presidenterorde eta Errioxako Unibertsitateko errektoreak bide eman zion Campus Iberuseko urteko memoriaren laburpen bideoari. Amaitzean, hasierako ikasgaia irakurri zuten eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Chivite lehendakariak hartu zuten hitza. Horrekin, hasiera eman zitzaion 2022-2023 ikasturteari. Ekitaldiaren musika Zura Quartet laukoteak eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzak interpretatu zuten.

Lau unibertsitateak indartzeko aliantza

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, bere hitzaldian, azpimarratu zuen Campus Iberus duela hamabi urte sortu zela, lau unibertsitateak eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan zitezen, Europa mailan jardunbide onaren adibide gisa onartu den agregazio eredu baten bidez. 

Era berean, azken hilabeteetan egiten ari diren lege erreformen errepasoa egin zuen; izan ere, adierazi duenez, erreforma horien araberakoa izango da unibertsitateen datozen hogei urteetako etorkizuna.

Azkenik, Nafarroako gizarteak unibertsitateari buruz duen irudiari buruzko azken ikerketan, inkestatuen % 98k uste du NUP oso edo nahiko garrantzitsua dela Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako. 

“Emaitza horrek, alde batetik, NUPen sendotasuna erakusten du, eta, bestetik, Nafarroako gizarteak bere unibertsitatearen garapenari ematen dion babesa, betiere kontuan izanda Nafarroako Gobernuaren konbentzimendu eta apustuak eta Nafarroako erakunde eta enpresa askoren inplikazioak bultzatzen duela unibertsitatea”, adierazi zuen Ramón Gonzalok. Haren ustez, NUPen “inbertsioak egitea” Nafarroaren eta bere gizartearen etorkizuna bermatzea da.