Unibertsitatea

Adingabeentzako irakur gida kaleratu da (II)

Liburu gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dute lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili duten irizpideak: “Taldearen lan-teknika honetan datza: gaur eta gazte literaturaz 2021. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua, eta abar kontutan izanda baloratzen ditugu”. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaio”.

Liburu bakoitzari jarri dioten adin orientagarriari buruz, egileek adierazi nahi izan dute zenbaki hori orientagarria besterik ez dela; euren esanetan, “bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, eta abar sailkaezinak baitira. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa”. 

Aipatu behar da, oso bilduma eskertua dela Haur eta gazte literatura irakur gida; horren erakusgarri da, urtero, Haur eta gazte irakur gida dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuena. 

1990. urtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gida kaleratzen. Proiektua elkarlanean egiten dute fakultateko arduradunek, Debagoieneko udal liburutegiko eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin batera. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita daude.