Unibertsitatea

Adingabeentzako irakur gida kaleratu da (I)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 2021. urtean haur eta gazteentzat euskaraz argitaratutako 227 liburuak biltzen dituen argitalpena kaleratu du: Haur eta gazte literatura irakur gida 2021.

Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, 2021 gida "talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du". Bildumaren egileen iritziz, gida honek “ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino”.

14 lagunek osatutako lantaldea

2021. urteko gida egiteko, haur- eta gazte-literaturarekin lotutako bederatzi erakundeko 14 lagunek hartu dute parte, tartean liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, honako hauek dira aurtengo edizioko irakurle taldea osatu dutenak: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Ane Leturia (Aretxabaletako Udal Liburutegia), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Gurutze Urrutia, Edurne Urbiztondo eta Aitziber Arrese (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola) Itziar Murua (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskolako irakasle ohia), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola) eta Nerea Alzola eta Marikarmen Apraiz (Mondragon Unibertsitatea).