Unieskubideak

Adingabeak arrisku-jokoan ez erortzeko gida (II)

Dokumentazio gehiago

Agirian hainbat web-orri interesgarri ere jaso dira hausnarketa egiten laguntzeko, eta ludopatia detektatzeko eta ebaluatzeko proba batzuk ere gomendatzen ditu profesionalei eta adituei balorazioa errazteko. Horrez gainera, joko patologikoan jausi diren edo jausteko arriskuan dauden pertsonei aholkua eta tratamendua emateko lekuen zerrenda bat ere badago.

Gazteak eta jokoa EAEn

Diruzko apustuetan oinarritutako zorizko jokoak, oso errotuta badaude ere gure gizarteetan, ez daude eztabaida sozialetik salbuetsita. Jokoari buruzko arrazoibideen artean bi ikuspegi dira nagusi: pertsona batzuek uste dute jokoa negatiboa dela eta arazo sozial eta indibidualak sortzen dituela; beste batzuek, ordea, entretenimendutzat hartzen dute, zeina, arduraz jokatuz gero, beste aisialdi modu batzuetatik bereizten ez den. Eztabaida hori areagotu eta polarizatu egiten da gazteek jokoarekin duten harremana planteatzean.

Ildo horretan, eta gizartean duen garrantzia gorabehera, azterketa soziologikotik oso gutxi jorratzen den ikerketa-gaia da jokoa. Azterlan batzuek biztanleriak jokoari dagokionez dituen jarraibide orokorrak erakusten dituzten arren, gutxik jartzen dute arreta gazteetan. Horien artean, azpimarratzen da gazteak apur bat urruntzen direla jarraibide klasikoagoetatik; izan ere, bilakaera teknologikoa eta online modalitatearen agerpenaren ondorioz, jarraibide bereiziak garatu dira.

Aurrekari batzuen arabera, gazteak online jokoetan ibiltzen dira gehien, eta gutxiago formatu klasikoetan (Jokoaren Euskal Behatokia, 2020), baina aurrez aurreko jokoak nagusi izaten jarraitzen du (Vitoria-Gasteizko Udala, 2019). Era berean, modalitate berrietako jokoek ere gora egin dute, hala nola pokerrak edo kirol-apustuek (Nafarroako Kutxa Fundazioa, 2021). Hala ere, nabarmenena da joko problematikoa dagoela 18 eta 24 urte bitarteko pertsonen artean. NODS eskalaren analisiak «arrisku gabe» edo «problematiko» gisa sailkatzen ditu joko-ohiturak. Horren arabera, euskal biztanlerian oro har % 2,2ko joko problematikoa dago, eta gazteen kasuan, berriz, ehuneko hori % 4,5era igotzen da. Klase sozialarekin zerikusia duten gaiak ere erakusten dizkigu; izan ere, egoera ekonomiko okerrena duten pertsonek dute arrisku- egoera edo arazo gehien (Jokoaren Euskal Behatokia, 2020). Datu horiek eskaletan aztertzen dira, baina horien itemak ez daude gazteentzat pentsatuta; beraz, egokitu egin behar dira. Era berean, beste ikerketa batzuek azpimarratzen dute abordatze kualitatiboa behar dela, hain zuzen ere, gazteenen jarrerak eta portaerak eraikitzeko prozesua aztertzeko (Megías Quirós, 2020).

Kontu horiek guztiek erakusten dute beharrezkoa dela euskal gazteen eta zorizko jokoaren arteko harremanaren diagnostiko eguneratu bat egitea, hainbat ikuspegitatik eta kolektiboaren berezitasunak kontuan hartuta. Beraz, Jokoaren Euskal Behatokiak ikerketa hau aurkezten du, zeinak euskal gazteen joko-ereduak eta jokalari-profila ezagutzea helburu baitu. Azterlan honek 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteak ditu hizpide, eta, gainera, joko patologikoa edo problematikoa deritzonaren eragina aztertzen du, DSM V diagnostikoaren eskuliburuan jasotako eskala erabiliz. Gaiaren konplexutasunak metodologia mistoa erabiltzea eskatzen du, eta horrek, fenomenoa kuantifikatzeaz gain, azpian dauden logikak eta diskurtsoak aztertzeko aukera emango digu. Ondorioz, ikerketa honen ondorioek inkestaren emaitzen erlazioaren emaitza jasotzen dute, baita hiru eztabaida-talderen ondorioak ere.