Unibertsitatea

35.000 ikasle aurten UPV/EHUn (II)

105 gradu

Orotara, 35.000 ikasle inguruk 2022-2023 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen 105 graduetako bat egingo dute. Horietako hamalau gradu bikoitzak dira, aurten bi berri ematen hasi baitira (Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan). Gradu bikoitzek oso harrera ona izan dute; izan ere, horietako zazpi gutxieneko-nota altuena duten 20 graduen artean daude.

Gainera, prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzten hamaika graduk notarekin berritu dute Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) ematen duen egiaztapen duala. Prestakuntza dualean irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dira. Prestakuntza duala alde batera utzita, ia ikasle guztiek dute kanpoko praktikak egiteko aukera euskal sareko enpresetan, erakundeetan, GKEetan edo elkarteetan, 2021-2022 urtean 12.835 praktika egin baitziren (aurreko ikasturtean baino  % 7 gehiago), eta horietatik % 37 borondatezkoak izan ziren.

Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egin daitezke. Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq-ek ematen duen aipamena ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da UPV/EHUko graduko lau ikasletik batek nazioarteko mugikortasun esperientzia bat izango duela ikasten ari den bitartean. Hain zuzen ere, 2022-2023an 2.373 ikaslek gutxienez lauhileko bat egingo dute atzerriko edo estatuko unibertsitateetan, eta beste unibertsitate batzuetako 902 ikaslek, berriz, gure unibertsitatean ikasiko dute. Gaur egun UPV/EHUk 2.00tik gora mugikortasun hitzarmen ditu, bost kontinenteetako unibertsitateekin. Era berean, graduko nazioarteko titulu bikoitzak hogeita hamarrera iritsi dira; baterako prestakuntza programa horietan, ikasleek graduko bi titulu lor ditzakete, bat UPV/EHUn eta bestea dagokion atzerriko unibertsitatean.

Datu horiek Euskal Herriko Unibertsitatea zer erakargarria den erakusten dute. Horretan laguntzen du haren posizioak prestigio handieneko rankingetan. Izan ere, UPV/EHU Shangaiko rankingaren azken edizioan, munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du. Gainera, espezialitate akademikoen araberako Shanghaiko sailkapenean, Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan (Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika) (Espainiako lehen unibertsitatea da hiruetan); eta 200 onenen artean, beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartzen dena.

Nazioarteko profila indartu du Bordeleko Unibertsitatearekin batera sustatu duen mugaz gaindiko campusak, eta baita ENLIGHT Europako unibertsitatean parte hartzeak ere. Bederatzi unibertsitate bikainen aliantzaren horren helburua da diziplina anitzeko, nazioarteko eta erronketan oinarritutako ikaskuntzarako aukera bateratuak eskaintzea.

Gizarteratzearekin konprometituta, desgaitasunen bat duten eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten 500 ikaslek ikasiko dute UPV/EHUn aurtengo ikasturtean, horietariko 150ek hasiko dituzte graduko ikasketak.