Unibertsitatea

35.000 ikasle aurten UPV/EHUn (III)

Graduondokoak

UPV/EHUk aurtengo ikasturtean 108 unibertsitate master eskaintzen ditu; horietako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira; hau da, Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei emandako bikaintasun zigilua dute; hiru master prestakuntza dualean eskaintzen dira, eta lauk Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren nazioarteko aipamena dute.

Bestalde, UPV/EHUk ikasturte honetan berezko 65 master eta graduondoko ditu, eta berriak dira edo berritu egin dira horietariko 12: besteak beste, Arte eta Kultura Garaikidearen Teoria eta Praktika, Jasangarritasunerako Aldaketaren Lidergoa eta Kudeaketa, Neuropsikologia Klinikoa eta Hidrogenoaren Teknologiak. Azken bi horiek unibertsitate artekoak dira.

Unibertsitate masterren kasuan, matrikula egiteko epea irekita egongo da irailaren amaierara arte. Berezko master eta graduondokoetan matrikula kurtso bakoitza hasten den dataren araberakoa da.

Azkenik, 2022-2023 ikasturterako doktoregoen eskaintza zabala 66 programakoa da, eta jakintza adar guztiak biltzen ditu. Izena emateko epea joan zen asteazkenean, irailak 7, ireki zen, eta zabalik egongo da irailaren 30era arte.