COVID-19aren pandemiak ondorio ugari eragin ditu gizartean. Unibertsitatean ere ikasleen egoera psikosozialak okerrera egin duela egiaztatu da. Ezinegon hori hautemateko eta arintzeko, UPV/EHUk Entzute eta Erantzute Sarea proiektua jarri du abian. Egitasmo horrek ikasleak eta irakasleak inplikatuko ditu, behar dutenei ulertzeko eta laguntza emateko.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegietako dekano- eta zuzendaritza-taldeek egiaztatu dute ikasleen egoera psikosozialak okerrena egin duela aurrez aurreko unibertsitate-jarduera etenda egon zen aldian eta irakaskuntza urruntze sozialera, edukiera mugatura eta higiene- eta osasun-neurriak hartzera egokitu duten neurriak indarrean egon diren aldian. Beraz, ikasle batzuengan jatorri ezezaguneko ondoeza antzeman da. Gainera, pertzepzio hori bat dator Arreta Psikologikorako Zerbitzuan ikasturte honetako lehen hilabeteetan jasotako kontsulten gorakadarekin (zehazki, aurreko ikasturteko hilabete berberekin alderatuta, % 25 gehiago).
“Errealitate horren ondorioz, errektoretza-taldeak pentsatu du komenigarria dela unibertsitate-komunitatearekin esku-hartzea garatzea, ikasleen beharrei modu pragmatiko eta eraginkorrean erantzuteko. Esku-hartze sozial hori gauzatu da UPV/EHUko Ikastegietako Entzute eta Erantzute Sarea sortzeko proiektuan”, azaldu du Fernando Tapia Alberdi Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.
Proiektu parte-hartzailea
UPV/EHUko Ikastegietako Entzute eta Erantzute Sarearen proiektua proiektu parte-hartzaile bat da, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak sustatua, eta unibertsitateko ikasleen, irakasleen eta unibertsitate-zentroen arteko lankidetza-egitura informal bat sortzea du helburu, Ikasleen Zuzendaritzaren eta Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren (APZ) laguntzarekin, Covid-19ak ikasleengan eragindako inpaktuari erantzuna emango dion esku-hartzea ahalbidetzeko.
“Abiapuntutzat hartzen dugun ideia da pandemiaren ondorioz gure ikasleen ondoeza detektatzeko eta arintzeko tresnarik onenak ikaskideen eta ikastegiko irakasleen hurbiltasuna, behaketa, entzutea eta laguntza direla, eta aktiboki aurre egiteko eta emozio egokiak kudeatzeko ereduak erreferente kualifikatuek bidera ditzaketela testuinguru informaletan”, dio errektoreordeak.
Entzute eta Erantzute Sarearen helburua da pandemiak eragindako ikasle ahulenen beharrei aurreneko erantzuna ematea. Inplikatutako eragile guztien elkarlanari esker, ikasle guztiengana modu eraginkorrean iristea posible izango da, dituzten behar zehatzei erantzuna emanez, baina prebentzio mailan ere jardunez.
“Proiektu honen helburua ez da inplikatutako eragileak psikologo, gizarte-langile, aholkulari juridiko edo orientatzaile akademiko bihurtzea -zehaztu du Fernando Tapiak-, baizik eta, prestakuntza labur baten bidez, eragile horiei tresna-kutxa bat ematea, lehenik eta behin ikasle jakin batzuen ondoezaren jatorria antzeman eta ulertzeko, eta, ondoren, Unibertsitateak edo kanpoko beste erakunde batzuek eskaintzen dizkieten eta beren egoera arintzen lagun diezaieketen baliabideak ezagutarazteko.”
Lehenengo bilerak
Sarea artikulatzen hasteko, harremanetan jarri dira Ikasle Kontseilu Zentralarekin eta Campuseko Ikasle Kontseiluekin, ikasleen ordezkariekin, titulazioko koordinatzaileekin eta UPV/EHUko ikastegietako Ikasleen arloko dekanordeekin. Sarea, beraz, ikastegietan lehendik zeuden koordinazio-egituretan oinarritzen da, eta horrek funtzionamendu arinagoa eta dinamikoagoa bermatzen du, bai eta hautematen diren arazoei erantzun eraginkorragoa emateko aukera ere.