MUko LH, aitzindaria

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ematen duen Lanbide Heziketa aitzindaria da Euskadin prestakuntza dualeko ikasleen esku mugikortasun-programa bat jartzen. Lanbide Heziketako lehen zentroa da modalitate dualeko ikasleei nazioarteko praktika-esperientzia izateko aukera ematen (Erasmus+ programaren bidez), eta ULMA Packaging kooperatibaren lankidetzari esker lortu du. Bi erakunde horiek jarri zuten martxan programa aitzindari hori 2019an Euskadin, eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, aurten berriro ekingo diote.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko heziketa-zikloetako lau ikasletik bat prestakuntza duala egiten ari da; alegia, ikasteaz gain, enpresa batean egiten du lan. Orain arte, Lanbide Heziketako prestakuntza dualeko ikasleek lanbide-heziketaren eta Erasmus+ programaren artean aukeratu behar zuten -programa horren bidez, Lanbide Heziketako ikasleek hiru hilabeteko praktika ordainduak egiten dituzte Europako enpresetan-, biak batera egitea bateraezina zen eta.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa aitzindaria izan da muga hori hausten, eta ikasteko eta praktika horiek batera egiteko aukera ematen die Lanbide Heziketako bere ikasleei. ULMA Packagingen lankidetzari esker egin dezake; izan ere, enpresa hori bere Europako filialetan praktikak eskaintzeko prest agertu zen.

Hain zuzen, aurten, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko heziketa-zikloetako bost ikasle -horietatik lau ez dira modalitate dualean ikasten ari- Errumaniara, Poloniara eta Txekiar Errepublikara joan dira, ekainera arte enpresetan praktikak egiteko, Erasmus+ programari esker. Programa horrek 20 urte daramatza heziketa-zikloetako bigarren mailako ikasleei nazioarteko esperientzia izateko aukera ematen, beka baten eta praktika ordainduen bidez. Zehazki, bost ikasle horietako bat, modalitate dualeko mekatronika-zikloko bigarren urteko ikaslea, ULMA Packagingek Cluj-Napocan (Errumanian) duen filialean arituko da, Erasmus+ programaren bitartez.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta ULMA Packagingek ekimen aitzindari hori abiarazi zutenetik, Mekatronika Industrialeko hiru ikaslek eta Automatizazio eta Robotikako beste batek hartu dute parte. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, bi erakundeek indarrak batu dituzte berriro, nazioarteko praktika-esperientzia jartzeko talentu gaztearen esku.

Erasmus+ programak gero eta arrakasta handiagoa du heziketa-zikloetako ikasleen artean, eskaera-kopuruak eta programan parte hartzen dutenen balorazioek adierazten dutenez.

ULMA Packagingen apustua

ULMA Packagingen konfiantza osoa dute lanbide heziketako ereduan. ULMA Packagingetik hitzarmenak sinatzen dituzte LHko ikastetxeekin profesionalen eskutik prestakuntza praktikak egiteko.

ULMAn uste dute ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak ezinbestekoak direla erakunde baten talentu kualifikatuko beharrak betetzeko eta lan mundura sartu berri diren profesionalak bertan txertatuko direla bermatzeko.

Arrazoi horregatik, urteak daramatzate aliantza estrategikoak garatzen inguruko ikastetxeen sarearekin, eredu integral baten garapenean aurrera egiteko, Lanbide Heziketa enpresaren errealitatera, edukietara eta familia profesional desberdinek dituzten balizko irteeretara hurbilduz.