Formación

Hezkuntza Sailak ikerketarako eraikin berri bat bultzatuko du

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, ikerketa zientifikora zuzenduta Donostiako Ibaeta campusean eraikiko den eraikin berria aurkeztu zuen. 6.000 m²-ko eraikinak bi urteko exekuzio epea izango du eta 80 laborategi izango ditu. Kostua, 12 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du. UPV/EHUk Ibaetako campusean lagatako lursail batean eraikiko da, eta unibertsitate publikoak ere espazioa izango du bertan. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da lanak urte amaitu baino lehen hasi ahal izatea.

Eraikin berrian Eusko Jaurlaritzaren IKUR Estrategian zehaztutako giltzarrizko ikerketa-esparrruetan diharduten talde zientifikoak kokatuko dira. Zehatzago esanda, konputazio kuantikoari, neutronikari, superkonputazioari, kimika aurreratuari, material berriei eta polimeroei atxikitako 300 ikertzaile bilduko dira guztira. Era berean, eraikin berriak polimero aurreratuen ikerketan diharduen BERC Polymat bikaintasunezko ikerketa-zentroaren laborategi berriak izango ditu.

Azpiegitura zientifiko berri honen eraikuntza bat dator Eusko Jaurlaritzak bikaintasunezko zientzia bultzatzen jarraitzearen alde egindako apustu sendoarekin, Euskadin punta-puntako ikerketa-talde berriak errotzeko asmoz. Euskadiko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan. Ikerbasqueko komunitate zientifikoak 300 ikertzaile baino gehiago ditu dagoeneko, eta horien ikerketa-taldeetan 1.300 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako BERC bikaintasunezko ikerketa-sareko 9 zentroek 1.200 ikertzaile dituzte egun, azken hamarkadan izan duten hazkundeari esker. Euskadik talentu zientifikoa erakarri eta finkatzearen alde egin duen apustu honetarako, behar-beharrezkoa da ikerketa-talde berrientzako gune eta ekipamendu egokiak sortzea.

Inbertsioa eremu estrategikoetan

Eraikin berria kokatuko den lursailean bertan izan den aurkezpenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu zuen azpiegitura berri honek Euskadik nazioartean eta ikerketan erreferente izaten jarrai dezan duen garrantzia. “Hemen egingo dugun inbertsio handiari esker, mundu mailan zientzian estrategiko diren arloek erreferentzia garbia aurkituko dute Euskadin. Komunitate zientifikoarentzat polo erakargarria gara, eta horrelaxe izaten jarraitu nahi dugu. Hezkuntza Sailaren IKUR estrategiak bere gaitasun guztia garatu ahal izango du eraikin berri honetan”. Sailburuaren esanetan, azken urteetan Euskadi zientzian lortzen ari den emaitza onak dira “zientziari bultzada emateko eta abangoardiako ikerketaren alde egiten Eusko Jaurlaritza ari den politiken bermerik onena. Horixe da jarraitu beharreko bidea.”

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak esaera ezagun bat hartu zuen hizpide, eraikin berrian izango den lankidetza irudikatzeko. “Azkar joan nahi baduzu, bakarrik ibili; urrutira iritsi nahi baduzu, lagunekin joan. Eraikin honetan hainbat taldek eta erakundek egingo dute lan ikerketaren alorrean. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeek eraikin honetako solairu oso bat beteko dute, eta sinergiarako eta lankidetzarako aukerak sendotu egingo dira. Horrela, beraz, urrutirago iritsiko gara”.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikin berria Tolosa hiribidean kokatuko da, egungo Korta eraikinari atxikita, eta eraikitako 6.000 m² izango ditu lur gaineko 5 solairutan eta soto batean banatuta, solairu bakoitzak 1.100 m² inguruko azalera duela.

Eraikinak ingurumenari dagozkion irizpiderik aurreratuenak betetzen ditu, eta eraikuntza arloko soluzio berritzaileez baliatu da energia-eraginkortasunaren inguruko eskakizunak betetzeko eta ikerketa-laborategien behar funtzionalik zorrotzenei erantzuteko. Fatxadaren kanpoko azalak eguzkiaren argia leundu eta eraikinaren kontrol termikoa egiten laguntzen dio elementu metaliko bertikalez osatutako saretari.

Eraikinak berehala irakur daitekeen itxura arineko bolumen sinplea du, egungo Korta eraikinari erantsitako oihal neutro eta irmoa. Bi eraikinak hormarte batek banandu eta lotzen ditu aldi berean, bien arteko juntura materialarena eginez, eta alde batetik besterako fatxada-aldaketa harmonizatzeko aukera errazten du.