Jarduera guztiak Europako Batzordeak finantzatzen duen G9 Missions proiektuaren barrenean daude. Proiektuan, NUPek hartzen du parte Unibertsitateen G9 Taldearekin batera. Europako Aste Berdean antolatutako programazioaz gainera (aurten, “Europako Itun Berdea - Lagundu egia bihurtzen, 2050erako efizientea eta klimarekiko neutrala izanen den Europa baten alde” du goiburua), irailaren 30ean egingo da proiektuaren ekitaldi nagusia: Ikertzaileen Gau Europarra. Aurten, ikerketaren eta berrikuntzaren arloan Europar Batasunak dituen honako bost misio hauen zabalkundea egin nahi da efemeride horren bidez: minbizia; klima-aldaketara egokitzea eraldaketa soziala barnean hartuta; ura eta ozeanoak; hiri adimendunak eta klimari dagokionez neutroak; eta lurzoruaren eta elikagaien osasuna.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Green Weeks” edo Aste Berdeak antolatu ditu ekainaren 3tik 24ra eta campus zientifiko bat, bisitak eta klima-aldaketari eta klimarekiko neutralak diren hiri adimendunei buruzko tailerrak eta erronkak egingo ditu Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat. Eskaerak NUPeko Green Week astearen webaren bidez egin behar dira, bai campus zientifikoan parte hartzeko, bai ikastetxeetarako hitzaldiak eta tailerrak eskatzeko. Leku kopurua mugatua da eta ekainaren 15era arte egin daiteke eskaera campus zientifikoan parte hartzeko.
NUPen Green Weeks asteen inaugurazioa ekainaren 3an egingo da, klimaren aldeko txalo zaparrada batekin, eta unibertsitateko komunitate osoari egiten zaio deia ekimen horretan parte har dezan.
Campus zientifikoa eta tailerrak
Campus zientifikoak “Iruñea bere zimenduen azpian. Ausartuko zara istorio honen protagonista izatera?” du izenburua, eta honako hau du helburua: geologia modu atseginean hurbiltzea ikasleei Nafarroako hiriburuaren eta Iruñerriaren ezaugarri geologikoak erakusteko jardueren bitartez. Jolas bat izanen da, eta ikasleak detektibe lanetan arituko dira: arrasto batzuei segika ikerketa batzuk egin, eta zientziak ezkutatzen dituen misterioak argitu beharko dituzte; azkenean, ikerketaren emaitzak modu dibulga-tzailean azalduko dituzte.
Bestalde, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako tailerretan, ekonomia zirkularra eta konpostajea, bioteknologia edo errealitate birtuala landuko dituzte besteak beste. Horretaz gainera, jarduera hauek ere antolatu dira: geopaseoa Errege Bardean barrena, “gosari zientifikoa” Arrosadiko campusean, Jocelyn Bell Burnellen irrati-teleskopioa ezagutzeko jardunaldia, “Stardust” izeneko NUPen energia berriztagarriaren proiektuaren berri ematekoa, PCR probak nola funtzionatzen duen ulertzeko jarduera, materia organikoaren zikloa nolakoa den ezagutzekoa eta smartphoneak kargatzeko kargagailu fotovoltaiko bat egitekoa. Egitarau osoa, jarduera guztiekin, NUPen Green Weeks asteei buruzko webgunean dago: https://www.charlascientificas.com/eu/